Donostiako Giza Eskubideen 17. Zinemaldiko Gazte Epaimahaian parte hartzeko izen-ematea irekita

Data: 2019-02-13 | 2019-03-20
Lekua: | Gipuzkoa
Ordua: 00:00 | 23:59

Gazte Epaimahaia 18 eta 30 urte arteko 150 gaztek osatuko dute eta apirilaren 5 eta 12 bitartean egingo den Giza Eskubideen 17. Zinemaldiko edizioaren baitan Nazioarteko Lehiaketan film labur onenari saria emateko ardura izango dute.

Gazte Epaimahaian kidea izateko www.zinemaetagizaeskubideak.eus web gunean izena eman behar da. Epea martxoaren 20a arte irekita dago. Izena eman duten guztien artean hurrengo egunean zozketa egingo da, eta zinemaldiko web gunean ezagutzera emango dira irabazleen izenak.

Aurreko urtetan bezala, Gazte Epaimahaian parte hartzeak unibertsitateko ECTS kredituak jasotzeko aukera ematen du. Era honetan, Gazte Epaimahaian parte hartuko duten Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU), Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko gradukoek eta Deustuko Unibertsitateko ikasleek ECTS kredituak izango dituzte.

Horrezaz gain, epaimahaikide lana egingo duten gazteei Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 30. Asteko, Victoria Eugenia Antzokiko saioetarako bi abonamendu emango zaizkie.

Film labur onenak 3.000 euroko saria jasoko du eta epaimahaiak giza eskubideen inguruko sentsibilizazioa eta zinemagintzaren kalitatea kontuan izango ditu. Lehiaketan hainbat herritatik eta nazioarteko zinemaldietatik etorritako gai sozialei buruzko film laburrek parte hartuko dute.

Proiekzioez gain, beste hainbat jarduera ere izango dira: solasaldiak, tailerrak eta erakusketak, besteak beste.

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia Donostiako Udalak antolatzen du Giza Eskubideen Bulegoa eta Donostia Kulturaren bitartez, bizikidetza aniztasunean, justizia sozialean elkartasunean, askatasunean eta aukera-berdintasunean oinarritutako gizartea eraikitzen laguntzeko helburuarekin.

Oinarriak eta izenematea

Agenda atzera

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.