Agenda aldaketa eta proiektu berri mordoa bakea eta bizikidetza lan-arloan - Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK)

Agenda aldaketa eta proiektu berri mordoa bakea eta bizikidetza lan-arloan

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko (EGK) bake eta bizikidetza lan-arloak urte mordoa darama bake positiboaren alde. Gizarte batek berezko duen aniztasunaren aldeko lana eginez eta, egun gero eta aldakorragoa den gizarte honetan, erronka berriei behar den bezala erantzuteko. Izan ere, aniztasuna balore baikorra da eta hala ulertu behar dugu.

Ildo horretan, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiarekin dugun hitzarmenaren baitan, 2017 amaieran eta batez ere, 2018an, agenda moldatu eta eguneratu dugu.

2018an egindakoa

Webgunean eskegitako albisteetan eta sare sozialetan zabaldutako albisteetan ikusiko ahal izan duzun bezala, 2018a oso urte berezia izan da. Batetik, 2017an abiatu genituen hainbat proiektu borobildu ditugu. 2014tik 2016ra egindakoa laburtzen zuen txostena webgunera igo ostean, dokumentala Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian, Bilbon Foro Sozial Iraunkorarrekin egindako ekitaldian eta Bartzelonan izandako AME Kongresuan aurkeztu genuen. Oraindik ikusi ez baduzu, hemen duzu bideoa.

Era berean, 2017an Saharako errefuxiatu kanpamentuetara egindako bidaian, formakuntza eskaintzeaz gain, ikasitako eta bizitako guztia gizarteratu eta zabaltzeko, bideo bat osatu genuen. Hau aurkeztu eta Euskadiko eta Saharako gazteen artean esperientzia-elkartrukea ahalbidetzeko, Arabako SEADen Lagunen Elkartearen laguntzarekin jardunaldia antolatu genuen Artiumen (Gasteiz). Hemen duzu bertan jorratutakoaren ondorio-txostena

Bestetik, bizikidetza eta giza eskubideen oinarritutako kulturaren garapena sustatzen jarraitzeko, #EmakumeakBizikidetzan ekimena antolatu genuen. Berdintasun lan-arloarekin koordinatutako proiektu honek emakumeek anitza den gizarte baten bizikidetza errealitate bilakatzeko dituzten erronkak identifikatzea zuen helburu. Horretarako, hiru emakume gazteren testigantza musikatuak izan genituen eta, ostean, World Te dinamika parte-hartzailea burutu genuen erronkak identifikatu eta hobetze-proposamenak egiteko. Duela aste batzuk aurkeztutako bideo laburraz gain, hemen duzu laburpen bideoa. Eta noski, jardunaldian jorratutakoaren ondorio-txostena. Beste behin ere, bertaratu guztiei eskerrak eman nahi dizkizuegu egindako ekarpen eta proposamenengatik.

Eta 2019an, zer?

Agenda berri honetan giza eskubideekiko errespetua eta aniztasunarekiko aldekotasuna gakoetako bi izango dira. Eta plangintzak zehaztuko ditugun proiektu eta egitasmoak horien inguruan jardungo dute. Horretarako, 2018an zehar Europako hainbat lurralde bisitatu (Auschwitz eta Ipar Irlanda) eta 2016an ezagutu genuen Kolonbiako esperientzian sakondu dugu. Helburua lehen eskutik bertan bizi izan dituzten gatazken berri izatea izan da, baita ondorengo urteetan bizikidetza nola sustatu duten aztertzea ere. Bidai oso aberasgarriak izan dira eta 2019an zehar berri gehiago eman ahal izatea espero dugu

2017an gazteon —orokorrean— eta 2018an emakume gazteen egoeran fokua jarri ostean, zer aztertu beharko genuke 2019an? Oraindik plangintza ez dugu erabat zehaztu, beraz ideiarik izanez gero bidal iezazkiguzu bakea@egk.eus helbidera edo deitu 943 42 97 67 zenbakira eta kontaiguzu!

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.