Astialdi foroa

Uda honetan… zure ASTIALDIA ASTINDU! 9.000 plaza baino gehiago eskaintzen dituzte astialdi-taldeek udaleku eta opor-ekintzetan. Aukeratu zurea!

Udalekuetarako 9000 plaza eskaintzen dituzte gazte talde bolondresek

• Euskadiko ehun elkartek 155 proposamen prestatu dituzte oporretarako.

Gasteizen, 2011ko maiatzaren 9an. Prest da ‘udako operazioa’. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ehun gazte-taldek ikasturte osoko lanaren emaitza aurkeztu dute: 155 udaleku eta opor-jarduera. Guztira, bolondres-elkarte horiek 9000 plaza baino gehiago eskaintzen dituzte udaleku, auzolandegi, topaketa eta bestelako udako-ekintzetan parte hartzeko.

Astialdia Astindu! Despierta tu tiempo libre lelopean, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren baitan astialdi-esparruko federazio eta eskolak biltzen dituen Astialdi Foroak opor-proposamen horiek guztiak biltzen dituen hiru gida aurkeztu ditu; bat EAE-ko lurralde bakoitzeko, antolatzaileen jatorriaren arabera. Zehazki, Araban 14 taldek hogei kanpaleku prestatu dituzte; Bizkaian, 50 elkartek 73 txanda diseinatu dituzte; eta Gipuzkoan, 36 erakundek 62 plan proposatzen dituzte.

Ekainaren 23tik hasita eta abuztuaren 29ra arte, euskaraz zein gazteleraz, bi urtetik gorakoentzat, gustu guztietarako dago: udaleku irekiak auzoan edo herrian, kanpaldi klasikoak Euskal Herrian edo Errioxa, Kantabria eta Huesca bezalako beste toki batzuetan eta kanpaleku ibiltariak Pirinioetan, Done Jakue bidean edo Europan zehar InterRailen bidez, besteak beste. Abentura-programak eta auzolandegiak ere antolatu dituzte, bai eta beste gazte-talde batzuekin elkartrukeak ere (zehazki, Belfasteko gazteekin).

Eta, hori guztia, balio erantsi batekin, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak azpimarratu duenez: “Jarduera hauek plus sozial bat dute; izan ere, ikasturtean zehar modu boluntarioan lan egiten duten astialdi-taldeek antolatzen baitituzte, eta elkarte horiek elkartegintzatik eta boluntariotzatik abiatutako balore-heziketan eta jendarte-eraldaketan sinisten baitute”.

Gainera, ez dute udaran bakarrik lan egiten: ikasturtean zehar bere auzo eta herrietan buru-belarri aritzen dira ere, jende guztiarentzat irekiak diren ekintzetan. Udalekuak, beraz, ikasturtearen gailurra baino ez dira. Eta non aurkitu daitezke talde horien eta bere udarako planen gidak, eta izena emateko kontaktuak? Gazteriaren Kontseiluko webgunean, www.egk.eus. Paperean ere eskuratu daiteke, EGK-k Gasteizen, Bilbon eta Donostian dituen egoitzetan eta edozein gazte informazio bulegoan.

 “Mundua suntsitzeko” argazkiak

Udaleku-eskaintzari buruz informatzeaz gain, gida horien argitalpenak beste helburu bat du ere: egunerokotasunean astialdi-boluntariotzak egiten duen lana ikustaraztea. Izan ere, udaleku-zerrendak beste kanpainaz abalago batean txertatutako neurri bat dira; Mundua suntsituko duen belaunaldia… berri zere eraikitzeko kanpaina, alegia. Ekimen honekin, astialdi federazio eta eskolek “ni-ni belaunaldiaren diskurtsoari aurre egin eta jendartearen eraldaketarekin konpromisoa duten milaka gazteren lanaren balioa agerian jarri” nahi dute. Behin udalekuen gida argitaratuta, kanpainaren hurrengo urratsa argazki lehiaketa bat izango da. Astialdi-talderen batean parte hartzen duten haur eta gazteek parte hartu ahali zango dute, eta hiru maila izango ditu: TxikiKlik (hamabi urte artekoentzat), GazteKamera (13-17 urte bitartekoentzat) eta Enfoke Heldua (adin nagusikoentzat). Gazteriaren Kontseiluko atarian eta www.astialdiforoa.org helbidean zintzilikatuko dituzte oinarriak.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .