2019rako gazteoi bideratutako politiketan kontuan izateko hainbat kontu

2019rako gazteoi bideratutako politiketan kontuan izateko hainbat kontu

Egunak eta hilabeteak pasatzen joan dira eta ia konturatu gabe 2018a amaitu zaigu. Ohikoa da atzera begiratu eta gertatutakoaren balantzea egitea, ezarritakoa bete den ala ez ebaluatu eta etorkizunari begira zer geratzen den ezartzeko. Behinik behin lan kontuetan. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan (EGK) hala pasa ditugu azken asteak, administrazio ezberdinekin ditugun hitzarmenei begira memoriak entregatzeko.

Hori egin ostean, zoritxarrez, argi ikusi dugu Euskal Autonomia Erkidegoko gazteon egoera ez dela asko hobetu urtebetean. 2017ko abenduan aldizkari hauetan idatzitako lerroetan Indarkeria Matxistaren gaia izan nuen mintzagai. Ez dut esango aurrerapausorik eman ez denik, baina, era berean, ezin da ukatu asko dagoela egiteko. Duela hilabete izan zen azaroaren 25a, Emakumeen Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna. Hainbat erreportaje, albiste eta kanpaina egin ziren. Hori oso garrantzitsua da, baina pausu bat eman behar dugu eta berdintasuna zeharkako balore bezala txertatu gure egunerokoan: lanean, lagunartean, politika publikoak diseinatzerakoan, administrazio edo bestelako eragileetatik sustatzen diren programetan, haurrei bideratuta sortzen diren materialetan, hezkidetzan… Bestelakoan, ez da eragingarria izango.

Emantzipatzearen utopia

EGKn 30 urterekin pertsona batek gazte izateari uzten diola dugu zehaztua. Eta hori gazteoi bideratutako politiken diseinuan kontuan izan behar dela aldarrikatzen dugu. Izan ere, egun, bataz beste 29,9 urterekin emantzipatzen gara. Hau da, teknikoki, apenas hilabetez gara gazte emantzipatuak. Askotan errepikatu dugu egoera hau ez dela ez gazteok nahi eta ez merezi duguna. Azken inkesten arabera, 24 urterekin irten nahiko genuke gurasoen etxetik. Ia 6 urteko ezberdintasuna.

Zergatik da hori? Errealitatea ez delako apenas aldatu azken boladan. Soldata baxuak dira, askotan eskaintzen zaizkigun baldintzak ez dira egokiak —beka edo praktikak lan kontratu baten ordez, %44,2ko behin-behinekotasuna, %30,7ko lanaldi partziala, %52,7ko gain-kualifikazioa, ordu extrak— eta, gainera, etxebizitzaren prezioak ez dira jaitsi. Diru-iturri urri horiekin zaila suertatzen da bataz beste ia 900€tan dagoen alokairu bati aurre egitea. Etxebizitza erosteko hipoteka bat lortzea oso zaila da gainera. Egoera benetan ulertzeko bi datu: adituek etxebizitza gastuetara diru-iturrien %30a bideratzea gomendatzen dute eta %40a gain-esfortzu kontsideratzen dute. Hara non, gazteok %66a bideratzen dugu. Aipatutako %30 hori bideratzeko irabazten dugunaren %120 gehiago irabazi beharko genuke. Azkenik, baina ez honengatik garrantzi gutxiagokoa, emakume gazte batek 266€ gutxiago kobratzen ditu eta segregazio horizontala pairatzen du egunerokoan: lanaldi partzial gehiago, sozialki feminizatuak dauden eta gutxiago kobratzen den lanpostuetara bideratua, etab.

Irtenbidea behar duten hainbat kontu

Aipatutakoak, noski, ez dira ez gazteoi eragiten diguten arazo guztiak ezta identifikatu ditugun guztiak ere. Baina deskribatutako biak zeharkako balore bezala txertatutako balira sekulako aurrerapausoa izango litzateke gure ongizatea bermatzeko.

Batetik, politika publikoetan berdintasun erreala islatuko balitz, berdintasun planek eta ikuskaritzak baliabide gehiago izango lituzkete —arazoak lehenago identifikatuz eta irtenbidea erraztuz—, hezkuntzan hezkidetza sustatuko litzateke, Indarkeria Matxista eta honen harira ematen diren jokabideak asko mugatuko lirateke, etab.

Bestetik, gazteon beharrizanak edozein politika edo programetan kontuan izango balira, arazo bat konpontzeko —esaterako, langabezia— bideratzen diren neurriekin ez litzateke beste bat —askotan prekarietatea— ahalbidetuko. Eta, noski, gaia agenda politikoan lehen postuetan egonda, baliabide gehiago egongo lirateke. Honen ondorio zuzena izango zen ikuskaritza sakonagoak lan baldintza egokiak bermatzeko eta lan osasunaren araudia betearazteko. Esan gabe doa gazteok kontratatzeko moduetan aldaketa handia emango zela.

Ondo legoke 2019an pausu guzti hauen lehen urratsak ikusteko aukera izango bagenu. Askotan, gainera, gure esku dago.

Maialen Olabe, EGK-ko presidentea
2018-12-26
Artikulu originala Gazteberri aldizkarian

 

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.