Urtxintxak 25 urte zuri esker! Piztu, poztu, puztu - Esker artikulua

Urtxintxak 25 urte! Piztu, poztu, puztu. ZORIONAK!!!

Urtxintxak 25 urte zuri esker! Piztu, poztu, puztu

Irati Mendiguren – Amagoia Osinalde.Urtxintxa Eskola.

Konturatu orduko 25 urte joan dira ihesi, norabait. Mende laurdena bete du Urtxintxa Eskolak aurtengo ikasturtean, eta gaur egun, balioz jositako zerupean bizi da, nor busti zain, nork busti zain.

1986ko ikasturtetik, lagun talde batek sortu zuenetik, igaro dira urte batzuk. Astarloatik, Mallonako eskaileretara. Mallonatik, Zabalbide kaleko lokal honetara. Sorreran egon ziren elkartekideek ez zuten sekula pentsatuko gaurdaino iritsiko ginenik. Zorionak!

Piztu zuten elkartea, eta harekin batera hezitzaileak trebatzeko beharrari erantzuna topatzen ahalegindu ziren. Orduko mugimenduak euskara, euskal kultura eta Euskal Herria ardatz izango zituen astialdi eskola laiko baten beharra zuen.

Sortu zenetik handitzen joan den proiektua dugu Urtxintxa Eskolarena. Astialdi Eskola soila izatetik, Suspertze Soziokulturalerako Eskola ere izatera. Hezkuntza formalean eta ez-formalean lan eginez, esku-hartze zuzenak kudeatzera. Jendartean balioak zeharkatzeko beharra agerikoa izan da: euskararen normalizazioan ildo estrategikoak eta berritzaileak proposatu dira bertatik; aukera berdintasunari dagokionez, prebentzioa lantzeko programak, trebakuntza saioak eta hezkuntza arautuan gazteenekin egindako dinamizazioak ere azken urteetako apustu bilakatu dira; kulturartekotasunaren erronkari heltzeko iniziatiba, eta, nola ez, parte-hartzea, heziketa premia bereziak… gero eta alor nabarmenagoak bilakatu dira gure eguneroko lanean.

Pozten gara zeharo, eskolak izan duen ibilbide luzeaz eta emankorraz. Pozten gara, proiektu hau posible egin duten ehunka ikasle, hizlari, koordinatzaile, laguntzaile, militante, hezitzaile, langile, liberatu eta lagun pasa garelako hemendik; eta hemen jarraitzen dugulako. Baina ez denok. Ezin ahaztu une hauetan etxetik urrun zaituzteten Urtxintxakideokin bizi eta ikasitako momentuez. Txus, Bergoi, Irati, Alaitz…

Eta denok utzitako aleak, denonak, ezinbesteko pieza izan dira balioen eskola eraikitzeko. Gure poza Urtxintxaren eredu eta irudi izan zareten guztiokin konpartitu nahi dugu.

Baina aisialdia beti izan da hezkuntzaren alde ezkutua. Hezkuntza ez-formala, eskolatik kanpo bada ere, modu planifikatu eta intentzionatu batean gauzatzen den heziketa eremu bat da. Datuek diotenez, haur eta gaztetxoen kasuan, denboraren %40 eskolan pasatzen duten arren, %14 soilik ematen dute ikasgeletan. Horrek esan nahi du egun bakoitzeko %86 aisi eta asti denbora dela. Hots, nola gutxiets dezakegu horrenbeste gure etorkizuneko jendartearen hezkuntzan ordu gehien duen eremua? Nola aprobetxa ditzakegu astia eta aisia, gure haur eta gaztetxoengan hezkuntza prozesu erraz, gozagarri eta kontziente bat izan dadin?

Hori da astialdi hezitzailean murgilduta gauden eragileok esku artean dugun zeregin nagusia. Instituzioek, aldundiek, Jaurlaritzak, aisialdi taldeek, astialdi mugimenduaren foroek bultzatu beharreko espazio bat da aisialdia. Begiraleok hezitzaile lan profesionala egiteko gaitasuna dugu, eta hori da gure egunerokoa. Irakasle batek adina eragin du jantokiko, patioko zein eskolaz kanpoko hezitzaile batek. Zergatik orduan gutxietsi haren lana? Zergatik ez exijitu balioetan oinarriturik zerbitzu duin bat ludotekan?

Gure gazteen nortasunaren eraikuntzan, identitatea formatzen doa helduarora salto egin bitartean. Garrantzitsua al da orduan bere lagunekin jolas kooperatiboak lantzea? Garrantzitsua al da 14 urtekoekin indarkeria sexista zer den eztabaidatzea? Eta gazte-lokalen zein auzokideen arteko elkarbizitzarako prozesuak garatzea? Bai, noski.

Euren astian ere euren iritziak eta jakin-minak gauzatzen lagundu behar ditugu, haien parte hartze zuzenarekin betiere. Ez ditzagun ezgauza izateko entretenitu. Aisia entretenimendua baino askoz gehiago da, eta gure esku dago mamitzea.

XXI. mendean egonik, oraindik ere behin eta berriz zalantzan jartzen da astialdia bera. Kolokan jartzen dira gure lan eremuaren barruan antolatutako dinamikak. Noiz arte? Zenbat aldiz defendatu beharko dugu aisialdia bera? Inork galdetzen al dio bere buruari haurrek lan egin behar duten edota urritasunak dituzten pertsonek eskubideak dituzten? Gustuko lekuan, aldaparik ez.

Bide horretan lagun izan ditugu, nola ez, aisialdi elkarteak. Herriz herri eta auzoz auzo, herrigintzatik sortutako kimuek biziarazten gaituzte; jendarteari trebakuntza eskaintzeko tresnarik indartsuena dira. Elkarteengandik jasotzen dugu, elkarteei emateko… eta hori bai dela ederra! Herri honen adierazgarri eta aberastasun.

Elkarlanean jaio berri da Amarauna Astialdi Elkarteon Federazioa ere. Erronka berriak eskutik helduta, hamaika asti taldek elkargunea topatu dute hemen. Amets fabrika baten antzera egitasmoak hasi, hazi eta jendartearen hezkuntza prozesuan beren alea uzten dutela argitu nahi dugu. Horren adibide da, gainera, Kulunkan ikas-jolas gunea. Dozena bat eragileren artean 2012ko Gabonetarako, aisialdi espazio hezitzaile bat sortu nahi dute hilabeteotan. Parte hartu nahi?

25 globo puztu ditugu gaur, kandeletako sua ez baita itzali. Kandelek pizturik segitzen dute, garra darie. Eta gure globoak astialdi hezitzailearen bidez jendartea eraldatzeko dira. Putz egitea dagokigu, norbere elkartetik, norbere proiektutik, norbere izatetik, egitetik, ekitetik.

Bide honetan, aisialdia gurekin batera astintzera animatzen zaitugu. Jendarte aske bat eraikitzeko ametsak puztea denon zeregina da. Piztu, poztu, puztu.

 

www.urtxintxaeskola.org

Hona hemen, bestalde, BERRIA egunkarian argitaratutako artikulua:

Gazteriaren Kontseiluko kide den Bizkaiko Urtxintxa Eskolak 25 urte bete ditu! ZORIONAK! Urteurren borobila ospatzeko, webgunea goitik behera eraberritu dute, eta bertan eskegi dute ere ospakizunen egitarau zabala! Zuk zeuk ikusi:

Share on FacebookShare on Google+Tweet about this on TwitterShare on LinkedInPin on PinterestEmail this to someone

Deja un comentario

Tu email no se publicará. Los campos con * no pueden quedar vacíos.