Politika publikoek guztion ongizatea bermatzen dutela lortzea guztion ardura da

Artículo publicado originalmente en euskera en la revista Gazteberri

Askotan aipatu dugu egun gazteon bizi-proiektua hipotekatzen ari garela gizarte bezala. Eskainitako enpleguak eta hauen kalitatea ez dira ez nahi eta ez merezi ditugunak eta hainbatetan eskatu dugu kontratu duinak izatea, kontratuek behar duten bezala kotizatzea eta beka edo praktikak ez erabiltzea lanpostuak betetzeko. Izan ere, azken bi hauek, zoritxarrez, askotan zehaztuak ez dauden helburuetarako erabiltzen dira.

Aipatutako hauek gazteon eguneroko bizitzan eragin zuzena izateaz gain, gizartean eragin oso kaltegarria dute. Batetik, gizarte bezala, eskaintzen ditugun lan baldintza eta soldatak eskasak badira, hauek kotizatuko dutena ez da nahikoa izango. Pasa den otsailean pentsiodunen aldarrikapenen hasieraren harira esan genuen bezala, Euskadiko Gaztediaren Kontseilutik (EGK) ezinbestekotzat jotzen dugu egungo lan baldintzak duintzea eta egonkortzea oinarrizko neurrietako bat da pentsioak eta pentsioen sistema bermatzeko. Are gehiago, genero-ikuspegia txertatzearen beharra eta garrantzia nabarmendu genuen eta gaurkoan berriro ere mahai gainean jarri nahi dut. Orokorrean, pentsiodunen egoera txarra bada, bereziki kritikoa da emakume eta alargunen egoera. Horregatik, pentsioek egun duten arazoari irtenbidea emateko politika publikoak diseinatzen direnean genero-ikuspegia eta kasuistika larri hauek kontuan izan behar dira.

Gainera, gazteon bizi-baldintzak hobetuta, belaunaldi arteko bizikidetza erraztu egingo da. Honekin estuki lotua, beharrezkoa da belaunaldi arteko elkarrizketa erraztuko eta ahalbidetuko duten foroak eta espazioak sortzea eta sustatzea. EGK-ko bakea eta bizikidetza lan-arloko lantaldeko kideek hainbatetan aldarrikatu dituzte antzekoak, gertatutakoa bizi izan ez denean honen transmisioa beti ez delako egokiena. Askotan ez da elkarrizketaren bidez ematen; gehienetan isiltasunaren eta absentziaren bidez egiten da, azalpen handirik gabe.

Horregatik, gizarteko belaunaldi ezberdinen arteko harremana mantendu eta honen garrantzia islatzeko honelako espazioak beharrezkoak dira.

Ildo honetan, oso interesgarria iruditu zitzaigun duela gutxi Donostian egindako BiziAro jardunaldia, nagusien parte-hartzea jorratzeko antolatua. Gipuzkoako Foru Aldundiak Nagusilan elkartearekin elkarlanean antolatutako topaketako ‘Zahartzaroaren ikuspuntua adin ezberdinetatik’ solasaldian parte hartu genuen Juan Mª Barandiaran, Goiekiren gerente ohiarekin; Patxi Leturia, GFAko Indarkeria Matxistaren Emakume Biktima Babesteko eta Gizarteratzeko Zerbitzu Buruarekin; eta Maider Azurmendi, Matia Fundazioaren Lankidetzako Arduradunarekin batera.

Tabakaleran hainbat mahai inguru eta dinamika egin ziren eta ondorio modura administrazio publikoek kontuan izan beharreko gomendioak eta hartu beharreko konpromisoak biltzen dituen dekalogo bat atera zen. Honen helburua, besteak beste, adineko pertsonen duten balore soziala indartzea zen.

Aipatutako dekalogoan, gainera, guk otsailean azpimarratutako puntu bat jorratu zen, zehazki “pertsona jubilatu orok txirotasun-atalasetik gorako pentsioa izatea, arreta berezia jarriz alargun eta emakumeengan”. Horretaz gain, lehen aipatutako belaunaldi arteko elkarrizketa eta hau sustatzeko neurrien beharra ere zehazten da dekalogoan.

Orain hitzak eta asmoetatik ekintzetara pasatzeko unea da. Diagnosi zehatza lortu da jardunaldiaren ostean, eta hainbat eragileren artean egindakoa gainera. Abiapuntua badugu beraz. Pena litzateke asmo hutsean geratzea. Eta hori horrela izan ez dadin bi dira gakoak: batetik, konpromisoak hartu dituztenek benetako asmoa izatea hori horrela izan dadin; eta, bestetik, gizarteak eta hau osatzen duten eragile eta norbanakoek benetako jarraipen lana egitea. Konpromisoak hartu dituztenek pausuak ematen dituztela ikustea eta ematen ez badituzte kontuak eskatzea. Finean, gizarte aktiboa izatea.

Soilik horrela lortuko dugu politika publikoek guztion ongizatea bermatzea, bai gazteona lan baldintza, kontratu eta soldata duinak eskainiz; bai adineko pertsonen ongizatea pentsio duinak bermatuz.

Maialen Olabe, EGK-ko presidentea
2018-11-28
Artikulu originala Gazteberri aldizkarian

Deja un comentario

Tu email no se publicará. Los campos con * no pueden quedar vacíos.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.