Gazteon parte-hartzeari buruz hitz egitetik bermatzera igaro behar dugu - Gazteberri Aldizkaria

Gazteon parte-hartzeari buruz hitz egitetik bermatzera igaro behar dugu

Artículo publicado originalmente en euskera en la revista Gazteberri

Askotan hitz egiten da gazteon parte-hartzeari buruz. Eta hori, hotzean, ona da. Hori bai, oso garrantzitsua da nola, noiz eta zertarako lantzen den gaia. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan (EGK) beti aldarrikatzen dugu gazteon ahotsa entzun behar dela. Are gehiago politika publikoen diseinuan, hauek benetako beharrei erantzun diezaieten.

2014an kaleratu genuen “Gazteak eta parte-hartzea” ikerketan adierazi genuen bezala, gazteon parte-hartzea oztopatzen duten trabetako askok gizarte-ereduak hartu duen norabidearekin dute zerikusia. Zoritxarrez, lau urte beranduago, egoera ez da oso ezberdina. Pertsona helduak daude erdigunean eta gizarte boterearen muinean eta gazteon arazoak bigarren plano batean uzten ditugu. Honekin estuki lotzen dugu erabakitze- guneetan gure errepresentazio eza eta foro egokiak ez direla sortzen gure ahotsa, iritzi eta proposamenak izango direla bermatzeko.

Hori gutxi balitz, gazteriari buruzko ikuspuntua estereotipoz josita dago. Eta askotan kontraesankorrak dira. Alde batetik, gazteak pasota batzuk garela esan izan da urte askoan, gure parte-hartzea baxua dela eta nini edo milenial hitzak kutsu peioratiboarekin erabili izan dira. Ikuspegi horren aurrean gazteok nola sentitzen ginen aztertu genuen Berbakeita jardunaldian.

Bestetik, belaunaldirik prestatuena garela errepikatu da behin eta berriro. Higiezinen burbuila eztanda egin zuenetik, krisi ekonomikoak gogor jo gaitu gazteok. Laneratzea berandutu da eta hau iristean egoera ez da merezi duguna: prekarietatea, aparteko orduak, soldata baxuak, kontratatzeko modu ezohikoak, etab. Ordutik dator paragrafo hasieran aipatutakoa: “denborarik gabeko belaunaldia”, “hiperformatua”, “hiperokupatua”, eta abar garela.

Guzti honen ondorio nagusi bezala politikarekiko aldentzeaz ohartarazi genuen 2014an. Txostenean eskaria luzatu genuen gazteen parte-hartze mota berriak ezagutzeko eta horietara moldatzeko, elkarte eta parte- hartze ekimenetara baliabideak bideratzeko, erregistroa edo diru-laguntzak bezalako gaietan gizarte mugimenduei gauzak errazteko, parte hartzen duten gazteek egindako proposamenak kontuan hartzeko eta gazteei eta parte-hartzeari buruzko ikerketak babesteko.

Autokritikaren beharra

Baina arazo guztiak ez dira kanpokoak. Mugimendu, erakunde eta gazte-elkarteok autokritika ere egin behar dugu. Aipatutako ikerketan zehazten zen bezala talde batzuen hermetismoa, eginkizunen banaketa desegokia, inplikazio-maila ezberdinak kudeatzeko ezgaitasuna, belaunaldi berrien errelebo eza eta lan egiteko modu ez eraginkorrak.

Guk, EGKn, nola ez, hausnarketa-prozesua ere ireki dugu. Gazteon parte-hartzea gure izaeraren eta izatearen oinarri da. Bai lan-arloetako lantaldeen bidez bai antolatzen ditugun jardunaldi, ekitaldi edo tailerren bitartez. Parte-hartzeko edo militatzeko eredua aldatu dela begi-bistakoa da eta horrek gure egunerokoan isla izan duela ezin da ukatu. Zergatik? Hor dago gakoa eta, beste behin ere, erantzuna ez dugu. Gazteok anitzak gara, ez gara talde homogeneoa. Hori dela-eta, inoiz baino beharrezkoagoa da gure iritzia plazaratzeko aukera eskainiko diguten espazio eta foroak sortzea, berdinetik berdinera hitz egiteko lekuak. Bertan proposamen, eskari eta ideiak landu eta jorratzeko eta, azken helburu bezala, politika publikoetan eragina izateko. Bide horretatik bi arazo konponduko baititugu: batetik, 2014an egindako ikerketan aipatu genuen —eta ordutik hona kaleratu diren hainbat inkestek erakutsi duten— politikarekiko gazteok dugun urruntze hori gutxitzea; eta, bestetik, gazteoi bideratuak diren politika publikoak askoz ere konpletuagoak izatea.

Maialen Olabe, EGK-ko presidentea
2018-09-29
Artikulu originala Gazteberri aldizkarian

Deja un comentario

Tu email no se publicará. Los campos con * no pueden quedar vacíos.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.