Emakume eta gizonen arteko berdintasun errealean oinarritutako gizartearen unea da - Gazteberri aldizkaria

Emakume eta gizonen arteko berdintasun errealean oinarritutako gizartearen unea da

Artículo publicado originalmente en euskera en la revista Gazteberri

Egungo gizartea matxista al da? Galdera oso potoloa da eta ematen den erantzuna ematen dela ere, ziur polemika piztuko dela. Ez dut nik hain galdera zailaren erantzuna emango bat-batean. Egia da duela hamarkada batzuetako gizartearekin alderatuta pausuak eman direla eta egoera hobea dela, baina era berean ezin da ukatu emakume eta gizonen arteko berdintasun errealean oinarritutako gizartea lortzeko aurretik lan handia dagoela egiteko.

Indarkeria Matxista icebergaren punta soilik da. Horrek, noski, ez du esan nahi arazo txikia denik. Baina irtenbideak bilatzerakoan eta proposamenak egiterakoan ezin dugu soilik hori izan buruan. Oinarrira jo behar dugu eta arazoari erroko erantzuna eman. Izan ere emakumeen aurkako indarkeriak hamaika forma har ditzake. Zorionez, eta aurrez esan bezala, azken hiletako mobilizazioetan ikusi den bezala, gizartean kontzientziazioa duela urte batzuk baino askoz ere altuagoa da. Bide onean goazenaren seinale.

Hala ere ezin dugu pentsatu orain arte egin denarekin edo egiten ari garenarekin nahikoa denik. Inondik inora ere ez. Zer egin daiteke? Eragile edo norbanako bakoitzak, dituen eskumen eta ahalmenen arabera, eragin-eremu handiagoa izango du. Hasteko, norbanako bakoitzak bere egunerokoan dituen jokabideekiko jarrera autokritikoa izan behar du. Honek ez du esan nahi epaitu behar garenik, baina eraldaketa-prozesu bat egin behar dugu, berrikasi, berrantolatu eta berdintze-konpromisoa hartu. Era berean, bakoitzak gure inguruan ditugun jarrerekiko hausnartu eta matxistekiko 0 tolerantzia erakutsi behar dugu: erasoen testigu izatean, ez isildu eta luzatu laguntza biktimari; Indarkeria Matxista edota honen ideologiarekin harremana duten Indarkeriei aurre egin (LGTBI+fobikoa, maitasun erromantikoan oinarritutako bikoteen artean emandakoa…), etab.

Horretaz gain, emakume eta gizonen berdintasun errealean oinarritutako gizarte bat badugu jomugan, ikuskaritza-lana egin behar dugu, administrazio publiko eta arduradun politikoek egindako lanaren jarraipena.

Ekainean zehar hainbat ikerketa atera dira eta beste hainbeste datu sozioekonomiko jarri dira mahai gainean. Enegarrenez islatu da gazteon egoera ez dela nahi eta merezi duguna. Are gehiago emakume gazteon kasuan. Esaterako, Etxebizitzaren Euskal Behatokiak jakinarazi du emakume gazteek errentaren %73a bideratu beharko luketela alokairu librera (2013an baino 9 puntu gehiago eta gizonezkoek baino 13 gehiago). Egoera horren aurrean, ez al da beharrezko ikusten genero-ikuspegia txertatzea politika publikoetan? Honekin batera, 2016an kaleratu genuen “Ibilbide Moreak” txostenean kontatu genuen batez beste emakume gazteek 266€ gutxiago kobratzen dituztela.

Honen aurrean irtenbideak bilatu behar dira. Lehenik eta behin, azken lan hauek ireki duten bidea jorratuz eta datu zehatzak lortuz. Egungo egoeraren azterketa sakon bat egin behar da, errealitatera ahalik eta gehien hurbiltzen den diagnostikoa lortzeko. Soilik horrela izango baikara gai benetako erantzuna emateko. Nola? Bi ideia izanda uneoro buruan: batetik, politika publiko eta gainerako neurrien diseinuan genero-ikuspegia txertatzea beharrezkoa da, Berdintasuna eta Aniztasuna zeharkako balore direla ziurtatzeko eta, gainera, modu baikorrean azpimarratzen direla bermatzeko; eta, bestetik, ikuskaritza eta jarraipena handituz, bai administrazioak eta bai gizarteak, asmo onak eta neurri zehatzak paperean geratuko baitira bestela. Bide horretan Berdintasun Planek aurrerapena ekarri dute, baina aipatutako jarraipen eta ebaluazio-kontrolik gabe bertan biltzen diren neurriak askotan ez dira praktikara eramango.

Era honetara lortuko dugu emakume eta gizonen arteko soldata-arrakalari edo segregazio horizontalari amaiera ematea, lan-osasunean eta negoziazio kolektiboetan genero-ikuspegia txertatzea, erabakitze-esparruetan emakumearen presentzia bermatzea edo egunerokoan ematen diren hainbat jokabide matxista zalantzan jartzea eta normaltzat ez jotzea. Orduan, eta soilik orduan, egongo gara emakume eta gizonen arteko berdintasun errealean oinarritutako gizarte batetik gertu.

Maialen Olabe, EGK-ko presidentea
2018-07-25
Artikulu originala Gazteberri aldizkarian

Deja un comentario

Tu email no se publicará. Los campos con * no pueden quedar vacíos.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.